Abuztuaren 21ean eta 28an Baserri Antzokiko Eszenara jaialdiko azken partea eskeini genuen. 21ean Taberna Ibiltaria eta Lainomendi Dantza Taldearen esku, eta 28an Ander, Beñat eta Aritz izan ziren protagonistak. Lehenak, dantzak eta euskal kantak nahastu zituzten folklorez beteriko arratsalde eguzkitsuan. Bigarrenak, eta egun euritsua izan arren, bertsoak tartekatuz erromeri kantaz eta rockaz nahasturiko saioa eskeini zuten. Giro paregabea martxoan bertan behera geratutako jaialdia burutzeko, eta beraien jarrera txalotzeko eta eskertzekoa. Momentu oso bereziak utzi zituzten, beste askoren artean, Aritzen hurrengo bertsoa:

Saioa hastera badoa eta

hurbildu mahaien artera

patxadaz jarri aulkian eta

trago pare bat hartzera.

Esan behar dut zoaztenean

trago horiek pagatzera

gero txapela pasako dugu

eta ez gorde kartera.

Txapelarena txantxa zen baina

zaila dago egoera

koroatuta omen gaude gu

nobleziaren antzera.

Uda osoa egon eta gero

ez aurrera ez atzera

bihotz bihotzez eskertzen dugu

hemen jotzeko aukera.

Entzule maite zure aurrera

heldu gara eta, ejem

esperimentu berri honekin

ahal den onena ematen.

Ez dugu inoiz egin gaurkoan

egingo duguna hemen,

gu sufritzera etorri gara

zuek gozatu deizuen.